UDAKO ESKOLA 2018

Dokumentu historikoa

Dokumentu historikoa / 2019-02-22

Ondoko datak, prezioak, lekuak eta izen-emateak jatorrizko programari dagozkio. Ez dira egungo deialdi bat.

Uztailaren lehenengo hamabostaldian garatuko dugu KULTURA DIGITALA [kode_tu] proiektuaren Udako Eskolaren bigarren edizioa, Orona Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru
Aldundiaren laguntzarekin.

NON: Orona Ideo
NOIZ: uztailak 2-13
ADINA: 5-16 urte
ORDUTEGIA: 08.30-16.00

  • 08.30-09.30 – Zaintza
  • 09.30-13.30 – Tailer teknologikoak
  • 13.30-14.30 – Bazkaria
  • 14.30-16.00 – Kirola

5-16 urteko ume eta gaztetxoei dago zuzenduta udako oporretako campusa, programatzen ikasten duten bitartean sormen teknologikoa garatu dezaten. Gaitasun horretaz gainera, sormena, talde-lana, autonomia eta ekimenarekin loturiko trebeziak ere landuko dituzte ume eta gaztetxoek, teknologiarako bokazioak sustatuz.

Udako Eskola 2017ko argazkiak

*GOGORATU ikasle bakoitzak bere esku-ordenadorea eraman behar duela Udako Eskolara.

AUKERATU ZURE TAILERRA ETA EMAN IZENA!
PLAZA MUGATUAK

PROGRAMAZIO LAB (5-7 urte)

Txikienak programazioaren munduan murgiltzeko tresna ezinhobea da Scratch jr. Sekuentziazioa, lateralitatea eta dimentsio espaziala lantzen dira, guzti hau talde lanean oinarritutako errespetuzko giroan. Ariketa osagarri gisa, Coding Games for Kids eta Kodable ere landuko dira. Etxean Ipad edo Android tableta bat baduzu, aukera bikaina txikienak jolastuz programatzen ikasten hasteko. Irakurtzen ez dakitenentzat edota irakurtzen hasiberriak direnentzat pentsatua eta diseinatua.

Ekarri zeure tableta etxetik: Ipad edo Android.

PROGRAMAZIO LAB (8-10 urte)

MITk sortutako programatzen ikasteko lengoaia da scratch. Tailer honetan istorio elkarreragileak, animazioak, bideo-jokoak eta musika sortuko dituzu, pertsonaiak, eskenatokiak, mugimenduak eta soinuak puzzleak egiten diren moduan eginez. Gainera zure lanak lagunekin partekatu ahal izango dituzu web batean. Ariketa osagarri gisa, code.org eta Tynker ere landuko dira. Programatzen hasteko aukera ezin hobea. Zeuk proposatu, zeuk sortu!

Ekarri zeure esku-ordenagailua etxetik.

MINECRAFT (8-10 urte)

Munduko bideo-joko ezagunena, tresna bikaina da programatzen ikasteko! TechLab.Ideo laborategian atera berri den Minecraft Education Edition bertsioarekin egingo dugu lan. Europako hainbat herrialdeetako ikastetxeetan dagoeneko MineCraften erabilera txertatua dago haien eskola-kurrikulumean hezkuntzako oinarrizko gaitasunak eta edukiak sustatzeko helburuarekin. Gainera, ingelesa ere lantzen da, programatzeko aginduak ingelesez baitaude. Emaitza: dibertituz ikasi!

BIDEO-JOKOAK 2D (10-12 urte)

Gustatuko litzaizuke bideo-jokoak sortzen ikastea? Ikastaro honek Game Maker plataforma erabiltzen hasteko aukera ezinhobea eskaintzen dizu sormena eta talde lana garatuz aldi berean! Bloke bidezko programazioaren bidez bideo-jokoak sortzeko lehen urratsak landuko dituzu era intuitibo batean, bide batez intuizio matematikoa, logika, irudimena eta lankidetza landuz. Eman izena eta zure lehen bideo-jokoak programatzeko gai izango zara!

MAKEBLOCK ROBOTIKA (12-14 urte)

Tailer honetan robotikaren oinarriak ikasiko dituzu: robotak eraikitzen, martxan jartzen, sentsoreak erabiltzen eta hainbat ariketa egiten. Prozesu honetan hainbat konpetentzia landuko dituzu: imajinazioa, diseinua, pentsamendu logikoa, programazioa, denboraren kudeaketa eta talde lana. Eraikitako robotekin erronka ugari burutu beharko dituzu: marrak jarraitzea, futbolean jolastea, oztopoak ekiditea… Zure aurreneko esperientzia proiektu tekniko batean eta haren programazioan!

Ekarri esku-ordenadorea edo tableta etxetik.

IZAN YOUTUBER (12-14 urte)

Ikus-entzunezko tailer honetan gaztetxoak Interneterako bideoen munduan murgilduko dira. Kamarak erabiltzen, eszena batetarako argia modu egokian lantzen eta audioak sinkronizatzen ikasiko dute kalitatezko bideoak egiteko. Gainera, lotsa gainditzeko eta kamararen aurrean komunikatzeko truko eta aholku batzuk emango zaizkie, hala, audientzia gehiago izateko.

Lan-plangintza, gidoilaritza eta proiektuen grabaketaren inguruko oinarrizko kontzeptuak ikasi ondoren, edukiei forma emango diete ediziorako eta postprodukziorako programa bat erabiliz. Tailer honetan ikasitakoarekin, gaztetxoak beren kasa ikus-entzunezko eduki bat grabatzen, editatzen eta sarera igotzeko gai izango dira.

Ekarri esku-ordenadorea (Mac bada, hobeto) eta telefono mugikorra etxetik.

WEBGUNEAK SORTU (14-16 urte)

Nork ez du gaur egun webgunerik erabiltzen? Gorakada handia izaten ari den arlo teknologikoa da, geroz eta ohikoagoa baita erosketak online egitea, egunkaria online irakurtzea edo eta edozein gairi buruzko blog-ak bisitatzea, beste aukera askoren artean. Ikastaro honetan edozein motatako webguneak sortzen ikasiko duzu! Alde batetik, irudimena landuz, eta bestetik, programazioak ematen dizkigun aukera desberdinak baliatuz webgunea nolanahi diseinatu eta, argazkiak zein bideoak txertatuz, web orrialde erabilgarri bat osatzeko!

ARDUINO ROBOTIKA (15-16 urte)

Robotikan adituek Arduino erabiltzen dute! C++ lengoaian oinarritzen den tresna ahaltsu hau estandar bilakatu da jada ingeniarien artean, baina programatzen ikasteko abiapuntu itzela ere izan daiteke. Tailer teknologiko honetan roboten prototipoak egiteko teknikak eta programazioaren oinarriak modu dibertigarrian, erronkaz-erronka, landuko dira.

Plakak, kableak, LCD pantailak eta sentsoreak (argia eta distantzia) konektatu eta programatzeko prest? Zatoz ba! Proiektu desberdin eta dibertigarri asko egingo ditugu, halanola “semaforo” bat, auto telegidatua, edota datuak bidaliko ditugu interneteko edozein web orritara, baita waxapera ere!

Agenda

08.30-09.30 ZAINTZA
09.30-13.30 TEKNOLOGIA TAILERRAK, IRAKASLE ESPEZIALIZATUEN GIDARITZAPEAN
13.30-14.30 BAZKARIA: ORONA IDEO MENUA *
14.30-16:00 JOLASAK ETA KIROLAK
16.00 ITZULERAKO AUTOBUSA

* Guregandik gehienez ere 200 km bitarteko lurretan hazi eta ondu diren sasoiko produktuekin prestatua.
* Menu bereziak behar dituzten haurrek 658 731 491 telefonora deitu dezakete (Idoia: 09.00-11.00).

Prezioak

ASTE BAT BI ASTE
A. (Bus joan-etorria) + Tailer teknologikoa + Bazkaria + Kirola (09.30-16.00) 230€ 425€
B. Zaintza + Tailer teknologikoa + Bazkaria (08.30-14.30) 220€ 410€
C. Tailer teknologikoa + Bazkaria (09.30-14.30) 210€ 390€
D. Zaintza + Tailer teknologikoa (08.30-13.30) 190€ 350€
E. Tailer teknologikoa (09.30-13.30) 180€ 330€

* BEKAK (-%30): familia ugariak eta gurasobakarrak, DBE, GLL eta langabetuak.

Autobusa

BUS 1. Irun – Pasaia – Gros – Zentroa – Amara – Antiguo – Rekalde – Orona Ideo
BUS 2. Tolosa – Zarautz – Lasarte – Orona Ideo

* Informazio gehiago behar dutenek 658 731 491 telefonora deitu dezakete (Idoia: 09.00-11.00).
* Beste herrietatik etortzen direnentzat, aparkalekua dohain.

Iturria eta kontserbazioa

Wayback · 2019-02-22 UTC

SHA256: 02d6fe83643806ec5907ee40318d0148d536dd08519425558beaf7460352a89f

Gordetako jatorrizko testua aurkezten da. Ez dira kontuak, ordainketak, galdetegiak edo ziurtagiriak berreraiki.